Hernaniko Udalak martxan jarri du dagoeneko azpiegituren inguruko prozesu partehartzailea. Siadeko enpresarekin batera, hiru bilera egingo dira. Bilera hauetan herritarren azpiegitura beharrak zeintzuk diren aztertuko da eta prozesu honetan atxikimendu gehien jasotzen dituzten hiru edo lau proiektu lehenetsiko dira. Sailkapen hori oinarritzat, herritar orok herri galdeketa batean aukeratuko du gustuko duen proiektua.

KULTUROLAKOEK, Kultur erabilerarako azpiegitura proiektua proposatzen dugu, zeinak honako funtzio nagusi hauek bete beharko lituzken:

  1. Sormena erraztu eta lagundu. Sormenerako leku izan behar du, gauzak egitekoa, ez ikustekoa bakarrik. Diziplina diferenteetako talde eta pertsonek aukera izango dute bertan lan egiteko, probak egiteko, esperimentatzeko…

  2. Erakustoki izan. Herrian egiten dena erakusteko leku egokia eta kanpotik ekarritakoekin programazio egokiak osatzeko aukera emango duen gunea izan behar luke: dantza, kontzertuak, erakusketak, formatu txikiko emanaldiak… Beraz, areto nagusi edo auditorio bat beharko luke, baina baita formatu txikiko emanaldiak eskaintzeko aukera ere.

  3. Heziketa. Gune honek, kulturaren arlo guztiak hurbildu behar dizkio herritarrari; parte hartzeko aukerak eman behar dizkio, ez erakutsi bakarrik; herriko taldeen eta herritarren arteko zubiak erraztu behar ditu; ahaztu gabe taldeei eta herritarrei ere aukera eman behar diela hezteko eta hazteko.

Funtzionamenduari dagokionean, garrantzizkotzat jo ditugu puntu hauek:

  • Jabetza publikoa; antolaketa eta kudeaketa parte-hartzailea. Udalarekin batera, herriko taldeek ere parte hartu behar lukete antolaketa eta kudeaketan, horiek izango baitira gunearen arima.

  • Euskara. Euskarak Hernanin leku erreferentzial bat behar du, prestigioa emango diona, bertara doanak identifikatuko duena, nagusiki euskal kulturaren erakusgarri izango dena. Ahaztu gabe, aberastasuna aniztasunetik datorrela, eta beraz, beste hizkuntza eta kulturek ere haien lekua izan behar luketela gune honetan, denon bilgune izan dadin.

Proiektua zehaztapen guztiekin irakurri nahi baduzu, klikatu hemen: KULTUROLA PROIEKTUAREN TXOSTENA

LABURPENA: triptikoa.pdf

GUREKIN HARREMANETAN JARTZEKO: kulturola@gmail.com