Zubietako errauste planta bi kilometrora baino gertuago izango dute 25.000 lagunek

Herri plataformek manifestaziorako deia egin dute, hilaren 14an, Usurbilen
BERRIA. I. Petxarroman. Zubieta

Zubietan
egin nahi duten errauste planta bi kilometrora baino hurbilago izango
dute Usurbil, Lasarte-Oria eta Zubietako 25.000 bizilagunek. Zubieta
Lantzen, Usurbil Bizirik eta Lasarte-Oria Bizirik herri plataformek
gogor salatu zituzten agintari eta arduradun politikoak, herritar
guztien gainetik, «kosta ahala kosta», errauste planta egin nahi
dutelako. «Tamalez, gure politikariek etika eta lotsa, biak galdu
dituzte», kexatu zen Alaitz Aizpurua bozeramailea, hiru herri
plataformen izenean.

Usurbil, Lasarte-Oria eta Zubietako herri
plataformek beste mobilizazio bat egiteko deia egin zieten Gipuzkoako
herritar guztiei. Errausketa ez da bidea. Erraustegirik ez,
ez hemen ez inon manifestazioa abiatuko da Usurbilgo plazatik,
eguerdiko 12:00etan. Aurretik irtengo dira jende multzoak
Lasarte-Oriatik eta Donostiako Ibaetatik (10:30etan); Zubieta eta
Añorgatik (11:00etan); eta Usurbilgo Santuenea auzotik (11:30etan).
Ordua zehaztu ez bazuten ere, Igeldotik ere talde bat irtengo dela esan
zuten.

«Herritarrei bizkarra emanez» jardutea leporatu zieten
Foru Aldundiko, mankomunitateetako eta udaletako politikariei.
Herriaren mobilizazioak aintzat ez hartzea eta jendea «inozotzat»
jotzea aurpegiratu zieten arduradun politikoei, eta ziurtatu zuten
Zubietako kokagune berriak ez duela indarrean den legedia betetzen,
milaka herritar dituelako bi kilometrora baino hurbilago. Esaterako,
Landaberri ikastola, Zubietako lanbide eskola eta Zubietako eskola
txikia 800 metro ingurura izango dituela gogoratu zuen Aizpuruak.

Kokapena
erabakitzerakoan, «berriz ere irizpide politikoak» erabili izana
leporatu zieten ordezkari politikoei, eta arduradunak asko badira ere,
Zubietako Herri Batzarreko alkate Imanol Azpirozek Odon Elorza
Donostiako alkatea egin zuen arduradun nagusi, hiri horretako zaborren
kudeaketaren ardura berea delako.

Azpirozek animoa azaldu nahi
izan zien errauste plantaren aurka dauden guztiei, haren iritziz,
«aukera handiak» daudelako proiektua bertan behera geratzeko. Berriki
Donostiako Udal Gobernuak hartutako erabakiak –errauste planta
Zubietan kokatzeari argi berdea eman zionak– oinarri juridikorik ez
duela adierazi zuen. Ildo horretan, epaitegietara joko dutela ziurtatu
zuen. Dagoeneko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka jo dutela nabarmendu
zuen. Izan ere, errekurtsoa jarri diote Aldundiak, Urolako
Mankomunitatearekin batera, Lapatxen egitea aurreikusten duen
konpostatze plantaren proiektuari. «Ez konpostatzearen aurka gaudelako,
zeren eta alde gaude, baizik eta gauzak egiteko moduaren aurka
gaudelako».

Plataformek salatu zuten zaborren kudeaketari buruz
hitz egiteari uko egiten diotela politikariek, «hala eginez gero,
nabarmen ikusten baita erraustea ez dela bidezkoa». Halaber, ziurtatu
zuten Gipuzkoan posible dela zaborrak kudeatzea erraustu gabe, eta
jendearen parte-hartzea eskatu zuten horretarako: «Zaborra gutxitu eta
sailkatu behar da etxeetan. Udalak, berriz, legez behartuta daude
bereizitako zaborra gaika jasotzera. Hori da abiapuntua, errauste
planta jarri nahi dutenek hartu nahi ez duten erabakia».

DONOSTIAKO
UDAL BATZARRA. Bestetik, plataformek dei egin zioten Odon Elorzari,
errauste plantaren kokalekua erabakitzeko udal batzarra egiten duenean,
ateak zabalik utz ditzala herritarrak sar daitezen, hala, istilurik ez
delako izango. Izan ere, Landarbasoko kokalekua erabaki zuten 2006ko
ekaineko udalbatzan istiluak izan ziren.

Leave a Reply

*