Zubietako errauste plantaren aurkakoek gehiengoa izango dute San Markosko Mankomunitatean

2007-06-25

Maiatzaren 27ko hauteskundeen ondoren Donostialdeko zaborrak kudeatzen
dituen San Markos mankomunitatean indar korrelazioa aldatu egin da, eta
errauste plantaren kontrako hautetsiek -EB/Aralar eta EAE/ANVkoek-
nagusitasuna izango dute. Horrek ez du esan nahi Gipuzkoako
mankomunitate guztiak bilduz hauteskunde bezperan sortu zen
partzuergoak hartutako erabakia -errauste planta eraikitzekoa, alegia-
administratiboki gelditzea posible izango denik, baina bai
Donostialdeko udalek zaborren kudeaketa alternatiboa martxan jartzea.
Horrela ere moztu nahi zaio bidea Zubietan eraiki nahi den errauste
plantari. Egoera berriaren analisia Iñaki Petxarromanek egin du
ekainaren 22ko Berria egunkarian, "Zubietako errauste plantaren aurkakoek gehiengoa izango dute San Markosko Mankomunitatean" izenburua duen kronikan.
(gehiago…)


Kataluniako Torrelles eta Molins: zaborren kudeaketan aitzindariak

2007-06-22

Katalunian, Bartzelonako probintzian, bi udalerri aitzindari dira
zaborren kudeaketan: Torrelles de Llobregat eta Molins de Rei. Hala irakur daiteke "Pangea" guneko "El proyecto Residu Minim" artikuluan. Aspaldi
hasi ziren hondakinen bilketa selektiboa egiten, eta gainera hamar
urteko esperientzia daukate zabor organikoaren bilketa era
berrerabilpenean. Sortzen dituzten hondakinen erdia baino gehiago
baliatzea lortua dute jandanik, eta ez da zaborrik horretarako apropos
eraikitako eraikuntzan selekzio katetik pasatzen ez denik.

Aurten Torrellesko udalak urrats berria eman du: atez ate biltzen du
zaborra udalak eta ordainetan herritarrak sortzen duen zaborraren
araberako zergak ordaintzen ditu. "Ecotropia" gunean "Nueva política fiscal para la gestión de residuos municipales"
artikuluan plazaratu dutenez, kontenedoreak kendu egin dira kaleetatik
(beirakientzakoak salbu) eta politika hori gaindituz, orain bi zorro
dauzka
eskueran herritarrak. Batean, zabor organikoa sartu behar du eta
bestean beste zabor guztia, gero instalazioetan aukeratu eta tratatuko
dena. Bi poltsak etxe atarian utzi -egun jakinetan- eta udalak bilduko
ditu. Poltsak derrigor herriko etxeak emandakoa izan behar du, eta hau
ordaindu egiten du herritarrak.

Neurri horiekin, udalerriok "Zero Zabor" helburura gehiago hurbildu dira.

(gehiago…)


Txingudiko mankomunitateak uko egin dio Gaintxurizketan errauste planta eraikitzeari

2007-06-11

"El Diario Vasco" egunkariak plazaratu duenez, Irun eta Hondarribiako
udalek hala erabakita, datorren hilabetean Txingudiko Mankomunitateak
bertan behera utziko du Gaintxurizketako lurretan errauste planta
eraikitzeko asmoa, eta bi hiri horietako hondakinak Gipuzkoa osorako
Diputazioak Zubietan eraiki nahi duen erraustegira eramatea negoziatzen
hasiko da. Egunkari horrek "La Mancomunidad de Txingudi renunciará en su primera asamblea a construir la incineradora"
titulua daraman albisteak dio Juan Jose Gonzalez de Txabarriren
Aldundia hasieratik zegoela Gipuzkoa osorako errauste planta bakarra
eraikitzearen alde. Hendaiak bere zaborrekin zer egin bere aldetik
erabaki beharko du; kazetariak bere kronikan intsinuatu duenez,
zaborrak Zubietara eramatearen trukean Gipuzkoako agintariek Hendaiari
eskatuko liokete oztoporik ez ipintzea Hondarribiako aireportua
zabaltzeari.
(gehiago…)


Gipuzkoako Ahaldun Oiarbidek dio errauste planta eraikitzeko plana instituzioek “blindatuta” daukatela

2007-06-1

Hauteskunde bezperetan, maiatzaren 25ean, "El Diario Vasco" egunkariak txoko ezkutu batean publikatu zuen honako albistea: "Creado el consorcio entre mancomunidades".
Orain, hauteskundeak pasa eta alderdi nagusiak Gipuzkoan Diputazio
berria osatzeko negoziaketan ari direnean, herritar oso gutxik ezagutu
duten albiste horren garrantzia  berretsi du Gipuzkoako Garapen
Iraunkorreko  Ahaldun Luis Mari Oiarbidek. "La incineradora no tiene marcha atrás, aunque ANV entre en las mancomunidades"
deklaratu dio "El Diario Vasco"ri,  argituz  hauteskunde
bezperan mankomunitateen kontsortzioa antolatzearekin  blindatu
egin dutela errauste planta eraikitzeko erabakia, eta planak dagoenekoz
ez daukala atzera egiterik. Erabakia onartuko ez duten udalei ere garbi
jakinarazi die: erraustegia onartzen ez duenak, bere zabortegia egin
beharko du.
(gehiago…)