Zubietako errauste plantaren aurkakoek gehiengoa izango dute San Markosko Mankomunitatean

Maiatzaren 27ko hauteskundeen ondoren Donostialdeko zaborrak kudeatzen
dituen San Markos mankomunitatean indar korrelazioa aldatu egin da, eta
errauste plantaren kontrako hautetsiek -EB/Aralar eta EAE/ANVkoek-
nagusitasuna izango dute. Horrek ez du esan nahi Gipuzkoako
mankomunitate guztiak bilduz hauteskunde bezperan sortu zen
partzuergoak hartutako erabakia -errauste planta eraikitzekoa, alegia-
administratiboki gelditzea posible izango denik, baina bai
Donostialdeko udalek zaborren kudeaketa alternatiboa martxan jartzea.
Horrela ere moztu nahi zaio bidea Zubietan eraiki nahi den errauste
plantari. Egoera berriaren analisia Iñaki Petxarromanek egin du
ekainaren 22ko Berria egunkarian, "Zubietako errauste plantaren aurkakoek gehiengoa izango dute San Markosko Mankomunitatean" izenburua duen kronikan.

Hona artikulua bere osoan:

Zubietako errauste plantaren aurkakoek gehiengoa izango dute San Markosko Mankomunitatean

EB-Aralarrek eta EAE-ANVk hauteskundeetan izandako emaitza onak eragina izango du erakunde berrian

iñaki petxarroman

Udal hauteskundeen ondorioz sortutako
gehiengo berriek eragina izango dute hiri hondakinak kudeatzen dituen
Gipuzkoako mankomunitate handienean. Izan ere, Zubietako errauste
plantaren aurka dauden bi indar politikok –EAE-ANVk eta EB-Aralarrek–
emaitza onak izan dituzte udal hauteskundeetan, eta, ondorioz,
mankomunitatean izango diren ordezkarien gehiengoa errauste plantaren
aurkakoa izango da.

Hamar udalerrik osatzen dute San Markosko
Mankomunitatea: Donostia, Errenteria, Oiartzun, Pasaia, Lezo,
Lasarte-Oria, Hernani, Usurbil, Astigarraga eta Urnieta. Udal bakoitzak
bina ordezkari ditu, baina ordezkari bakoitzaren botoaren balioa
udalerriak duen pisu demografikoaren araberakoa da. Alegia, Donostiako
Udaleko ordezkarien botoak gehiago balio du Urnietakoenak baino,
esaterako.

Kazeta honek egindako azterketaren arabera,
ezustekorik ez bada, Zubietako errauste plantaren aurkakoek ziurtatuta
daukate gehiengoa izateko gainditu behar den 79 botoen langa. Izan ere,
Donostiako Udalak, PSE-EEko ordezkariaz gain, errauste plantaren aurka
dagoen Aralarko bat ere igorriko du. Lasarte-Oriak bi ordezkari
igorriko ditu, PSE-EEko bat eta EB-Aralarreko bat, eta biek ere
Zubietako errauste plantaren aurkako jarrera dute. EAE-ANVk eta
EB-Aralarrek gehiengoa osatuko dute Usurbilen eta Hernanin, eta
EAE-ANVk gehiengo osoa ziurtatua du Lezon eta Oiartzunen. Horien botoak
zenbatuta, 82 boto ziurtatuak izango dituzte Zubietako errauste
plantaren aurkako ordezkariek. Gainerako herrietan gobernu hitzarmenak
orain egiten ari dira, eta hiri hondakinak tratatzeko proiektu horren
aurkakoek pisu politiko handia izan arren, gehiengoa ez dute ziurtatua.

San
Markosko Mankomunitatean iskanbila handiak izan ziren aurreko
legealdian, errauste planta dela eta. Hiru kokaleku aldatu ostean,
azkenean azpiegitura Zubietan jartzea hitzartu zuten mankomunitateko
ordezkariek, Donostiako hiriburuari dagozkion lurretan. Horrek ekarri
zuen EBren eta PSE-EEren arteko gobernu hitzarmena bertan behera
geratzea.

Orain, hitzarmena berritu dute, eta baita gai honi
buruz duten desadostasuna ere. Alderdi bakoitzak bere jarrerari eutsiko
dio errauste plantari buruz, bai Donostiako Udalean eta baita
mankomunitatean ere. PSE-EEk eta EB-Aralarrek gaiaren inguruan hitzartu
dute errauste planta ez dela gobernu taldearen gogoko aukera, baizik
eta zaborrak gutxitzea, berrerabiltzea, birziklatzea eta konpostatzea.
Duñike Agirrezabalaga EB-Aralarreko zinegotziak aitortu du hitzarmenak
ez duela lortu errauste plantaren proiektua bertan behera uztea, baina,
haren iritziz, «atea ireki» dio beharrezkoa ez dela erakutsi ahal
izateari.

Denis Itxaso Donostiako Ingurumen zinegotziak (PSE-EE)
adierazi duenez, «errauste planta baino lehenago martxan jarri behar
diren hamaika neurri zorrotzen inguruan» dute adostasunik handiena
EB-Aralarrek eta PSE-EEk. Itxasok onartu du Donostiako Udalak aurreko
legealdian hartutako konpromisoei eutsi egingo diela, «konpromiso
horien ondorioak (San Markosko zaborrak beste zabortegietara
bideratzea, esaterako) nabarmenak direlako».

Besteak beste,
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa osatzea hitzartu zuten hiriburuko
Udalak, zazpi mankomunitatek -Txingudikoa ez beste guztiek- eta
Gipuzkoako Foru Aldundiak. Partzuergoak errauste planta egiteko
konpromisoa hartu zuen, eta Donostiako Udalak onetsi zuen azpiegitura
hori Zubietan egitea. Horren trukean, San Markosko zaborrak herrialdeko
beste hainbat zabortegitara eramatea baimendu zioten -eramaten ari dira
jadanik-, harik eta 2009an zabortegi guztiak ixten dituzten arte. «Uste
dut gipuzkoarroi jarri zaigun erronkari aurre egiteko, errauste
plantarekin edo gabe, lidergo politiko argia eta indartsua beharko
dela, eta benetako helburua dela egungo zabor maila txikitzea, neurri
traumatikorik hartu nahi ez bada», esan du Itxasok.

BERRIAk
jakin duenez, San Markosera joango diren bi ordezkariak PSE-EE eta
Aralarren artean banatu badituzte ere, bi alderdiok hitzartu dute
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergora PSE-EEren ordezkaria joango dela
hiriburuko ordezkari gisa. Hala, erakunde horretan errauste plantaren
aldekoek -EAJ, EA eta PSE-EE-gehiengoa izango dute.

«EZ DA
MUGIEZINA»
. Zubietako herri batzarreko alkatea izateaz gain, Usurbilgo
zinegotzi hautatu berri dute Imanol Azpiroz EAE-ANVko zerrendetan.
Baikor da, haren ustez «aukerak» izango direlako hiri hondakinak
kudeatzeko politikaren norabidea aldatzeko. «Ikusi egin beharko da zer
pisu hartzen dugun San Markosko Mankomunitatean, baina uste dut
dezentekoa izango dugula».

Aurreko legealdian Odon Elorza
Donostiako alkateak izan zuen jarrera «argitu» beharko du oraingoan,
Azpirozek dioenez. Errauste planta egiteko erabakia ez dela «mugiezina»
dio. «Helegiteak martxan daude aurreko legealdian hartutako erabakien
aurka. Horiek aurrera egiten badute, bertan behera geratuko da dena,
eta aukerak izango dira gauzak berriz hasieratik egiteko».

Izan
ere, bide administratibotik zaila izango da erabaki horiek atzera
botatzea. Horrekin bat dator Mikel Izagirre Arnasa plataformako kide
eta, Urnieta Denon Artean (UDA) herritar elkartearekin aurkeztu eta
gero, Urnietako alkate hautatu berria. «Egia da bide administratibotik
ezin dela atzera bota. Hondakinen Partzuergoa juridikoki osatua dago,
eta lanean jarraituko du. Baina mankomunitateetan hiri hondakinak
tratatzeko modu alternatiboak martxan jartzen baditugu, eta, lortzen
badugu %60 inguruan birziklatzea, errauste planta hustu egingo dugu,
alegia, ez dela beharrezkoa frogatuko dugu».

Ados dago ikuspegi
horrekin Azpiroz ere. «EAE-ANVren apustua modu alternatiboak lantzea
izango da, ahalik eta toki gehienetan, erakusteko errauste planta ez
dela behar, eta zaborrak beste era batera kudea daitezkeela».
Horretarako, herritarren kontzientziatzea eta parte-hartzea bultzatzea
oso garrantzitsutzat jo du Azpirozek.

Izagirrek aitortu du
«itxaropentsu» dagoela sortutako panorama berriarekin. «Programan esan
genuen hondakinak kudeatzeko plan alternatiboa martxan jarri nahi
dugula, eta San Markosko Mankomunitatean ere bultzada eman nahi diogu
horri. Aldaketa politikoa gertatu da San Markosen, eta errauste
plantaren aurkakoek arrakasta izan dugu hauteskundeetan. Itxaropena
dugu plan alternatiboetan, nahiz eta partzuergoak aurrera egin errauste
plantarekin».

Une honetan bilerak eta harremanak egiten ari dira
udaletan, gobernu taldeak osatzeko eta alderdi bakoitzak izango dituen
ordezkariak erabakitzeko. San Markosko Mankomunitatea udan zehar
osatuko dute, eta irailaren 16ra arte dute horretarako epea.

4 Responses to “Zubietako errauste plantaren aurkakoek gehiengoa izango dute San Markosko Mankomunitatean”

  1. BillGates(e)k dio:

    51fc73fba80ec34e501bcb628cbe43f9

Leave a Reply

*