2007-07-6

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) uztailaren 4an eman zion akabera
Ingurune Zuzenbideaz eman duen Masterrari. Horren albistea eman du "Noticias de Gipuzkoa" egunkariak "La incineradora a tres bandas " kronikan. Amaiera ekitaldirako,
Gipuzkoako Errauste Planta hiru ikuspegitik eztabaidatu zen mahaingurua
antolatu zuen. Batetik parte hartu zuen Xabier Garmendiak: PSE-EEren
izenean Eusko Jaurlaritzako sailburu izan zen Ardanzaren garaian, eta
orain ingurunearekin lotutako hainbat enpresatan hartzen du parte; bera
da Gipuzkoako Hondakinen Plana idatzi duena. Garmendiak Zubietan egin
nahi den errauste planta defenditu zuen, bere ontasunak goraipatu eta
erraustea plan guztia osatzen duen giltzarria dela argudiatu.

Hizlarietan
bigarrena Josep Rivera izan zen, fisikoa eta Espainiako Consejo
Superior de Investigaciones Científicas (CSIC) erakundeko kidea. Honek
ere defenditu zuen errauste plantek ez dutela gizakien osasunarentzako
arriskurik, baina horien isuriak kontrolatzeari dagokionez zenbait
argibide ere eman zuen: urtean bitan kontrola egitea oso gutxi
iruditzen zaio eta kontrolak aditu independienteek egin behar dituztela
uste du.

Hirugarrenik  Carmen Tirado mintzatu zen,
Zaragozako Unibertsitateko zuzenbide irakaslea. Honek Europako legediak
errauste plantez dioena esplikatu zuen, argitu zuen legeek inon ez
diotela holako lantegi batek bizilekuetatik 2 kilometrotara egon behar
dutenik, baina beste bi puntu inportante ere argitu zituen: Europako
erakundeek espreski baztertzen dutela errauste plantak balorizazio
energetikotzat jotzea (Gipuzkoako planak esaten duenaren
alderantzizkoa) eta Gipuzkoan  erraustegiarekin batera planteatzea
zaborren %50  ezingo dela birrerabili planteamendu okerra dela.

(gehiago…)


Irailaren 15-18an, errauste planten kontrako erakundeen munduko biltzarra Hondarribian

2007-07-2

Irailaren 15etik 18ra Hondarribian bere Hirugarren Mundu Biltzarra
egingo du GAIA erakundeak. GAIA siglen esanahia bikoitza da: "Global
Alliance for Incinerator Alternatives" eta "Global Anti-Incinerator
Alliance". Berak biltzen ditu mundu osoan errauste planten kontra
borrokatzen ari diren mugimenduak, eta koordinatzaile horrek Gipuzkoan
egingo duen mundu batzarraren antolakizunak Ekologistak Martxan
elkartearen ardurapean egingo dira.

Albistea One World Net gunean zabaldu da, eta bertan hitzok ipini
dituzte Ekologistak Martxan taldekoen ahotan: "GAIAren biltzarra
iruditzen zaigu aukera handia izango dela guretzako, zeren eta errauste
plantaren kontrako mugimendua sendotuko baitu, eta era berean lagunduko
du barreiatzen guk aurkezten ditugun ideiak, argudio tekniko eta
zientifikoak finkatuz, eta guzti horengatik iritzi publikoarengan
eragin handia edukiko duela". Biltzarrerako izena emateko epea (hemen) zabalik
dago, eta GAIA erakundeak bermatu du mundu osotik gutxienez 100 parte
hartzaile iritsiko dela Hondarribiara.

(gehiago…)