Atez Atekoak 10 bete ditu Katalunian, ekainaren 3an jardunaldi teknikoa eginez

2010-06-29

Associació de Municipis Catalans per à la Recollida Porta a Porta elkarteak Katalunian Atez Ateko Bilketa martxan jartzearen 10. urteurrena ospatu berri du ekainaren 3an, jardunaldi tekniko aberats batekin. Jardunaldien egitaraua bezala hitzaldien Power Pointak sarean daude ikusgai.


Jordi Colomerren hitzaldia: Atez ateko sistema hondakinak kudeatzeko erarik merkeena da

2010-06-22

Jordi Colomer Sanmarko Mankomunitatearen aholkularia Gipuzkoako Merkataritza Ganberan izan zen ekainaren 18an atez ateko hondakin bilketak dituen abantaila ekonomikoen berri ematen. Bilketa eta kudeaketa gastuak eta joera ekonomikoa kontuan hartu zituen, baita sortzen diren lanpostuak eta sailkapena ondo egiteko har daitezkeen neurri fiskalak ere. Horrez gain, errausketari buruz aritu zen. Albistea Garak “Atez ateko sistema hondakinak kudeatzeko erarik merkeena da” eta Berriak “Atez atekoak errefusa gutxitzen eta gaikako bilketa handitzen du, Jordi Colomer teknikariaren hitzetan; emaitza horiekin udalek diru sarrera gehiago eta gastu gutxiago dituztela esan du. Zabor gehiago sortzen duenari, garestiago” eman dute. San Marko Mankomunitateak diaporaman ipini ditu hitzaldiko irudiak (“Ventajas económicas de la Recogida Selectiva Puerta a Puerta“) eta hitzaldiaren mamia: Jordi Colomer: “Hondakin-tasaren hazkunde esponentziala eteteko, premiazkoa da Gipuzkoa osoan atez atekoa ezartzea” euskaraz eta gaztelaniaz Jordi Colomer: “Para frenar esta subida exponencial en la tasa de residuos es urgente aplicar el puerta a puerta en toda Gipuzkoa“. Bi dokumentuak hemen ere ipini ditugu.
(gehiago…)


ELA sindikatuaren eskuliburuxka Atez Ateko Bilketaz, erruaketaz eta Zero Zabor kontzeptuaz

2010-06-5

ELA sindikatuak eskuliburu txiki oso polita plazaratu du hondakinen kudeaketa burutsuaren inguruan. “Zabor bilketa Atez Ate”, “Erraustegirik ez!” eta “Zero Zabor” ideiak nabarmendu dituzte azalean. Folletoa Hernanin Zero Zabor gunean ikus daiteke.


Gipuzkoarrek ez dutela errauste plantarik nahi salatu du Usurbilgo Itunak

2010-05-7

Maiatzaren batean sinatu zuten Usurbilgo Ituna. Hilabetean zehar honako alderdi, sindikatu eta erakundeok eman zioten babesa: Aralar, Ezker Batua, Ezker Abertzale ilegalizatua, Alternatiba, Berdeak, ELA, CCOO, LAB, EHNE, EILAS, HIRU, ESK, Greenpeace, Eguzki, SanMarko mankomunitatea eta zenbait udalek. Albistea eta itunaren idatzia osorik irakur daitezke Usurbil Osasuna Atez Ate, Greenpeace, Berria Gara, Diario Vascoren guneetan,
Eusko Jaurlaritzak Zubietako errauste-plantari Ingurumen Baimen Bateratua eman dion honetan, Usurbilgo Ituna osatzen dugun erakunde, talde, sindikatu eta alderdiek ondokoa adierazi nahi dugu:

1. Zubietako errauste-planta zentzugabekeria arriskutsua da Gipuzkoarrontzako, gure osasuna, ekonomia eta ingurumena kaltetzen dituelako.

2. Zubietako errauste-plantak ez dauka inolako babes sozialik Gipuzkoan. Gipuzkoarren borondatearen aurka hartutako erabakia da. 35.000 sinadura daude erantzun baten zain. Gipuzkoarrok geure burua maite dugu, baita geure seme-alabena ere, eta horregatik, ez dugu errauste-plantarik nahi geure lurraldean.

3. Errauste-plantak gipuzkoarrok arnasten dugun airea zabortegi bihurtuko luke, eta ez gaude hori onartzeko prest, inondik inora. Nahikoa izan dugu zabortegiekin, eta garaia da gauzak egiteko modua aldatzeko. Errauste-plantak zabortegi toxikoak sortzera behartuko liguke, errausketaren errauts toxikoak gordetzeko, eta gure inseguritatea handituko luke.

4. Gipuzkoarrok ez dugu ezer irabazten errauste-plantarekin. Galdu, ordea, asko. 400 milioi euroko gastua gehiegizkoa da lanposturik apenas sortzen duen azpiegitura batentzako, areago krisi egoeran. Horren ordez, bilketa eraginkorra, birziklapena eta konpostajea azkartuko dituzten industria eta ikerketa-lerro berdeak behar ditugu. Gipuzkoak aurrea hartu behar dio etorkizunari, Usurbilek urtebete eskasean egin duen bezalaxe.

5. Gipuzkoa “zero zabor lurraldea” izan daiteke, eta munduko lurralde aurreratuenen pare jarri, gure osasuna babesteko eta beroketa globala gelditzeko. Usurbilgo Itunak helburu horrekin egingo du lan. Hain zuzen, Usurbilek erakutsi digu bidea: organikoaren %100 biltzen du egun; 77.500 kg organiko bildu ditu 2010eko martxoan; %82 murriztu du zabortegira botatzen duena, eta botatzen duen apurra ez da toxikoa, organikorik gabeko hondakinak direlako; bilketa selektiboa %80ko langa aspaldi gainditu du.

6. Hortaz, bilketa selektibo eraginkorra, birziklapena eta konpostajea dira zaborren arazoa konpontzeko gakoak, eta ez teknologia kutsakor eta arriskutsuak. Hartara, zaborren arazoa konpontzeko teknologiarik onena eta seguruena herritarrak dira.

7. Usurbilgo Itunak berretsi egiten du 6 urteko moratoriaren eskakizuna Gipuzkoako Diputazioari. Aldi berean, 6 urte horietan zehar Gipuzkoa osoan “zero zabor” programa zabala ezartzeko deia egiten dio, errauste-planta toxiko eta oso garesti bat egin aurretik jakin behar baitugu gai ote garen hondakinen arazoa konpontzeko errausketarik gabe. Gipuzkoako Diputazioak ezin dio aukera honi bizkarra eman, ezin die gipuzkoarrei bizkarra eman, gipuzkoarron zordun delako, eta ez alderantziz.

8. Usurbilgo Ituna sinatzen dugun erakunde, sindikatu, elkarte eta alderdiek zera adierazi nahi dugu, bukatzeko: gure egin ahal guztia egingo dugu gipuzkoarrek ahalik eta gehien birzikla dezaten, inongo erraustegirik erretzekorik izan ez dezan.


Josep Maria Tost Borrás-en (CiU) hitzaldia Interneten ikusgai

2010-03-29

Oiartzunen eta Hernanin hitz egin zuen Josep Maria Tost Borrásek “Atez Ateko bilketa, Zero Zaborrerako bidean” Jardunaldien barruan. Tost alkatea da (CiU alderditik) Kataluniako Riudecanyes herrian eta Associació de Municipis Catalanas per a la Recollida Porta a Porta elkarteko presidentea. Aurreko legealdian Tarragonako Diputazioan ingurumeneko diputatua izan zen. Hernanin Zero Zabor taldeak bere blog sozialean ikusgai jarri du Josep Maria Tosten hitzaldia, gaztelaniaz, 25 minutu dirauena, eta lagungarri erabili zituen irudiak ere bai Power Pointez. Atez Atekoaz zalantzak dituen edonori gomendatzeko modukoa.


PIGRUGari buruzko Carmen Tirado irakaslearen ponentzia sarean dago

2008-07-23

2007ko uztailean Donostiako Zuzenbide fakultateko “Conflicto Ambiental” seminarioak aditu batzuk bildu zituen Gipuzkoako hondakinen plan nagusia (PGRUG) aztertzeko. Horien artean mintzatu zen Carmen Tirado Zaragozako fakultateko irakaslea. Ikuspegi juridikotik aztertu zuen gaia, Espainia eta Europako legedien argitan. Aipatu erakundeak bere webgunean ipini du PDF formatoan ikusgai eta hemen ere bildu dugu.
(gehiago…)